DARDARA
25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak... denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTX-en kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.
PROTAGONISTAK
BERRI TXARRAK
Gorka Urbizu – Gitarra eta ahotsa
David González – Baxua
Galder Izagirre – Bateria
ZALEAK
Koichi Hanafusa
Pauline Rzempowski
Xabi Cabrera
Jare Lertxundi
Ryan Demma
Max Meisterling
Juan de Dios Ríos
Fátima Guadalupe García Quintana
Oihane Ofogo
Asako Nitta
ZUZENDARIA
Marina Lameiro (Iruñea,1986)
Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Rey Juan Carlos Unibertsitatean; Kreazio Sormen Dokumentaleko Masterra eta Ikus-entzunezko muntaketa graduondoa ikasi zituen IDEC-Pompeu Fabran; urtebeteko erresidentzia artistikoa egin zuen New Yorkeko UnionDocs arte dokumental zentroko Collaborative Studioan (CoLab).
Marinaren lana ez-fikzioan oinarritzen da, eta lehen pertsonaren karga handia dauka. Proiektu batzuk bere esperientzia pertsonaletik abiatzen dira. Beste batzuek erretratu filmatuaren forma dute, pertsonarekiko hurbilketa bizi eta intimoaren bitartez. Beste batzuetan, protagonistak guztiz zehaztuak ez egon arren haien istorio pertsonala presente dago.
Marinak hainbat dokumental ekoitzi, idatzi eta zuzendu ditu, hala nola Young & Beautiful (2018) luzemetraia – Publikoaren Sari Berezia Punto de Vista Jaialdian.
Dardara bere bigarren film luzea da, kasu honetan, Arena Comunicación eta Txalap.art-ek ekoitzia.
BERRI TXARRAK
1994an Lekunberrin (Nafarroa) sortutako power trioa da. Rock sendoa oinarri hartuta, denborarekin ikuspegia zabaldu eta estilo ugari jorratu izan ditu, soinu organiko eta eklektikoa, bakarra eta erraz ezagutzekoa lortzeraino. Melodiak sortzeko berezko gaitasunari eta Gorka Urbizu frontmanaren testu zainduei esker, taldeak arrastoa uztea lortu du bederatzi estudio-diskotan eta mundu osoan emandako mila kontzertutan baino gehiagotan. Albumei eta zuzenekoei esker, publikoaren zein kritikaren aintzatespena lortu dute, taldearen etengabeko bilakaera baloratzen jakin baitute: sustraiei uko egin gabe eta emozioa etengabe bilatzen, jarrera irmoz eta gorputz eta arima aritu dira.
Berri Txarrak Adarra Sari ospetsua jasotzen duen lehen taldea da, euskal kulturari egin dioten ekarpenarengatik; hala, Mikel Laboak, Anarik eta artista entzutetsu gehiagok osatzen duten zerrendan sartu dira.
la productora
Arena Comunicación zinema eta telebistarako dokumentalen ekoiztetxea da. 20 urte baino gehiagoko esperientzia dugu ikus-entzunezko produkzioan. Prozesu guztiaz arduratzen gara, ideiatik masterreraino. Gure film guztiak, Nomadak Tx, Pura Vida/The Ridge, Walls, District Zero, Hasta mañana, si Dios quiere, Elkarrekin-Together, Cholitas, Bizimina, Dardara eta Película nº1 mundu osoan zehar banatu dira, eta hainbat jaialditan sariak jaso dituzte..
Ekoiztetxe independente eta askea gara. Dozenaka herrialdetan filmatu dugu, eta bereziki interesatzen zaizkigu publiko unibertsala bil dezaketen giza gaiak. Interpretazio zabala eta globala duten istorio txiki eta espezifikoak gustatzen zaizkigu.
HARREMANETARAKO
Gotzon Barandiaran Arteaga / gotzonba@armiarma.eus / 656 796 209 | Andrés García de la Riva / escribe@nuevecartas.com / 672 376 162
BANAKETA KONTAKTUA
Atera Films / www.aterafilms.com / info@aterafilms.com / +34 943 106 173